XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arrastaka pasa zuen haren petik arropa zikinarendako zakua ere.

Kanporatu aurretik ordea, zaindariaren garita barruan, lurrean zegoen CWS botila ia betea hartu eta gabardinapean gorde zuen.

Noraren gorputza batetik eta kartoizko paperez bilduriko irratizarra bestetik, kargaturik zihoan.

Irratia uztekotan egon zen baina gure oroigarriren bat izan dezazun hitz haiek zebilzkion barruan bueltan.

Murrua jarraituz oinez zihoala ordea, estatuen ondoan, Chevrolet beltz bat topatu zuen aparkaturik.

Intuizio ezkutu bati jarraiki maleteroko sarrailari sakatu eta irekita zegoela baieztatu zuen.

Eureka.

Halako aukerarik.

Birritan pentsatu gabe, Noraren gorputza maleteroan sartu zuen bere bidean jarraitu aurretik.

Ea zorterik izaten zuen hildakoa beste norbaiti egotzita.

Kopeteko izerdi ilintiak gabardinaren besoarekin xukatu eta hatzak azalaren gainetik pasatzean arrain baten ezkatak bezain zakarra sumatu zuen kopeta.

Alde ederrean zihoan orain, arin antzean.

Irratia bildurik zuen paketea esku batean eta whisky botila bestean; kortxoa ahoaz kendu eta lehen trago luzea eman zion.

Botilaratutako zakur bat bezain lagun ona, hedeen beharrik gabe, gainera.

Kanpoan gauzek berdin jarraituko ote zuten zegoen.

Oinez abiatu zen gamuzazko gabardina soinean, sonbreiru beltza buruan eta Gauloises paketea alkandorako patrikan, bihotzaren ondoan.

Besapean, kartoizko paperez bilduriko pakete handi hura, gure oroigarriren bat izan dezazun.

Ero nazkagarri haiek bihotza harrikatu zioten, pentsatu zuen, CSW botilari kortxoa kendu eta trago berri bat zintzurreratuz, maldan behera zihoala.

Eskerrak alkandorako patrikan zuen tabako paketeak blindatzen zion bihotza.

Hiri osoa menperatzen zuen handik.

Eta erdi-erdian katedrala.

Harantz zuzenduko zituen bere pausoak orain.